
Maite Urteaga Sorazuk bigarren postua lortu zuen Espainiako Kopako Legutio Sarian eta Mateo Vierge seigarren amaitu zuen Bidasoa Itzuliako sailkapen nagusian.
Bidasoa Itzulia ona egin du Eulen-Amenabar taldeak. Hiru eguneko lasterketak maila handiko exijentzia izan du eta Eulen-Amenabar taldeko txirrindulariak borrokan izan dira egunero. Marc Torres Colomarren, iazko irabazlea, eta Igor Iriarte Sanzen baja garrantzitsuak izan arren taldeak presentzia izan du lasterketan. Jaizkibelen lehiatutako hasierako kronoigoeran Mateo Viergek 13. postua erdietsi zuen, irabazlearekiko 22 segundutara. Asier Arteaga Arzallusek ere erlojupeko ona burutu zuen 16. postuan. Bigarren etapa, Arantza eta Lizarrietako Lepoa artekoa 163 kilometrotakoa izan zen, zinez luzea. Hainbeste kilometroetan taldeak aukera izan zuen protagonismoa bilatzeko ihesaldietan. Suertatu ziren saiakera guztietan ordezkaritza ez zutenez David Etxebarria Alkortaren gazteek ere ardura hartu zuten tropel buruan lasterketan sartuta mantentzeko uneoro. Lizarrietako Lepoan gora Mateo Vierge onenen tropelean mantendu zen aukera guztiak gordez azken etaparako.
Hendaia eta Irun artean lehiatu zen Bidasoa Itzuliko azken etapa. Etapa erregina izango zen zalantzarik gabe, 107 kilometrotan 7 igoera gainditu beharko zituztelako txirrindulariek. Lasterketaren gogortasunak Mateo Viergen aukeren alde egiten zuen. Aritxulegiko eta Agiñako mendateetan kateaketa ondo mantendu zen Mateo tropel nagusian. Erlaitz erabakigarrian gora lasterketa guztiz hautsi zen eta Mateok, bere igotzaile doaiak beste behin ere nabarmenduz, lehia bete-betean murgildu zen. Jaitsiera luzean taldetxoak berregituratu ziren eta Irungo kaleetan sprintean ondo sartuz zazpigarren postua lortu zuen etapan eta sailkapen nagusiko seigarren posturaino igotzea lortu zuen.
Emakumezkoen taldeak beste behin ere maila handiko hitzordua izan zuen Espainiako Koparen baitan Legutioko Sarian, Araban. Hasierako kilometroetan mugimendu ugari izan ziren, ibilbidearen exijentziari aurre hartu nahian. Oletako eta Galdoiko lehenengo igoeretatik zazpikote bat buruan atera zen bertan Maite Urteaga Sorazu zumaiarra zegoelarik. Taldetxo horrek bidea egin zuen eta azken itzulian Oletan gora Maite Urteagak erasoa jo zuen eta berarekin Benedettik (TOY) alde egin zuen. Ihesitako bi txirrindulariek elkarrekin bidea egin zuten helmugaraino eta sprintean Benedetti argentinarra gailendu zitzaion Maite Urteagari. Zumaiarrak bigarren postua lortu zuen, erregulartasun bikaina erakutsiz beste behin ere Kopan eta horrenbestez hiru lasterketen faltan Maite bigarren posturaino igo da sailkapen nagusian.
Datorren asteburuan Eulen-Amenabar taldeek atsedena izango dute eta emakumezkoen taldeak hurrengo hitzordua datorren asteartean izango du, Durango-Durango Emakumeen Sariarekin, profesional mailako lasterketa.

