TALDE LEHIAKORRA IRUÑERRIKO ITZULIAN

Etapa guztietan borrokan aritu dira Eulen-Amenabar taldeko emakumezkoak Iruñerriko Itzulian. Maier Olano Arozena mendateetan nabarmendu da eta Iruñeako helmugan hirugarren postua lortu ostean seigarren amaitu du sailkapen nagusian.

Hiru etapa azkarrei eta exijenteei aurre egin diete Eulen-Amenabar taldeko emakumezkoek Iruñerriko Itzulian. Lehenengo etapan, Mutiloan tropela abiadura bizian aritu zen lehenengo kilometroetatik. Altzorritzeko mendatean lasterketa hautsi zen eta bertan egindako aukeraketan izan zen Maier Olano Arozena. Falta ziren kilometro luzeengatik lasterketa berriz ere egituratu zen. Hurrengo kilometroetan ihesaldi bat osatu zen eta bertatik Odriozolak (MIR) besoak altxatzea lortu zuen bakarrik helmugaratuta. Tropela 20 segundutara helmugaratu zen, Ane Berastegi Jaka zortzigarren izan zen eta Laida Alzola Hierro bederatzigarren. Berriobeitin lehiatutako etapa, etapa erregina, gidoi argia zuen Mugiroko eta Aldatzeko mendateetan definituko zena. Mugiroko mendatetik aurrera Maier Olano Arozena bere erritmoa markatzen hasi zen, tropela hautsiz. Aldatzen gora eguneko ihesaldiko azken kideak harrapatuta boskote bat osatu zen lasterketa buruan, Olano bertan zela. Helmugarako 35 kilometro falta zirela, oso aldekoak, lasterketa buruan azkenean talde handi bat osatu zen. Maier Olano sprintean sartu zen eta seigarren postua eskuratu zuen, sailkapen nagusiko aukerak mantenduz.

Azken etapan, Iruñean lehiatutakoa, azken aukera zuen taldeak sailkapen nagusia iraultzeko. Urritzolako mendatea hasi bezain pronto berriz ere Maier Olano Arozena aritu zen haustura bilatzen tropel buruan. Eraso ugari jo zituen Maierrek baina haizeak tropelkideen erantzuna errazten zuen eta inorrek ez zuen lortu tarterik irekitzea etapa osoan zehar. Garaipena Iruñeako Zaldi Zuria maldan gora erabakiko zen, sprintean. Maier Olano Arozena eta Laida Alzola Hierro ondo kokatu ziren eta hirugarren eta bosgarren postuak bereganatu zituzten etapan. Sailkapen nagusiari dagokionez Maierrek seigarren postua bereganatu zuen hriu etapen ostean.

Gizonezkoen taldeak Lehendakari Txapelketako Dorletako Ama Sari Nagusia lehiatu zuen. Lasterketa gogorra, sei mendate puntuagarriekin eta Gatzagako amaierako malda erabakigarrian. Asier Arteaga Arzallus euskal egutegiko ihesaldien errege izendatu da dagoeneko urteko enegarren ihesaldia harrapatuta eta tarteko helmugen sari herrikoia irabazita. Amaiera gogorrean Mateo Vierge talde nagusian sartu zen, lehian murgilduta eta helmugan zortzigarren postua lortuta. Emakumezkoen taldearekin Iruñerriko Itzulia amaitu orduko dagoeneko gizonezkoen taldeak Gaztela eta Leongo Itzulian murgilduta dago, hurrengo bost egunetan lehiatuko dena. Gizonezkoek ere Euskal Herriko egutegiko bi hitzordu izango dituzte asteburuan, Villatuertan eta Oiartzunen.

Share
Top