
Torresen podiumak taldearen asteburu bikaina borobildu du. Txirrindulariek jarrera borrokalaria eta adoretsua erakutsi dute, une guztietan protagonista izanik.
Asteburu bikaina burutu du Eulen-Amenabar gizonezkoen taldeak. Emaitzekin batera taldearen jarrera erasokorra, ausarta eta homogeneoa etorri da. Talde bezala emandako irudi bateratua hurrengo helburu gorenei aurre egiteko motibazioa biderkatzen du. Bi lasterketa izan dituzte gazteek asteburuan, biak Euskaldun Txapelketarako baliogarriak. Larunbatean Lazkao Proba lehiatu zen, 132 kilometrorekin eta bost mendate puntuagarrirekin. Jirabira klubeko gazteak hasieratik hasi ziren burua erakusten. Unax Olano Arozena lehenengo mendatetik ihesaldia bilatzen ahalegindu zen eta hasiera batean lasterketa buruan osatutako zortzikote batean sartu zen Gaintzako maldetan gora. Gaintza jaitsi ostean eta berriz ere mendate hau igo aurretik 25 txirrindularietako talde handi bat osatu zen lasterketa buruan, Olanorekin batera Lohann Vuillez sartu zen bertan. Lasterketa buruan taldea ordezkatuta izan arren taldekide indartsuenak tropel nagusian izanda atzean lana egitea egokitu zitzaien gazteei. Tropel buruko ardura hartuta minutu batera arte igota zegoen errenta deusestatzea lortu zuten tropelean Gaintzako hirugarren azken igoera hasi aurretik, 50 kilometroren faltan.
Lasterketako azken txanpan Gaintzako, Lazkaomendiko eta Urkilagako mendateek erabakiko zuten lasterketa. Gaintzan oldarraldia hasita Lazkaomendin taldeko ldierrak ondo kokatuta sartzeko lan bikaina egin zuen taldeak Unax Olano Arozenarekin eta Lohann Vuillezekin. Lazkaomendin gora Mateo Vierge eta Marc Torres Colomar onenekin izateko gai izan ziren. Azken aurreko mendateko malda gogorrek lasterketa txikitu bazuten ere Urkilagako mendatea izango zen epaile erabakigarria Lazkaon Proban. Eulen-Amenabar taldeak berriz ere egituratzea lortu zuen mendatea hasi aurretik eta lehenengoak kokatuta lortu zuten sartzea Urkilagako maldetan. Quentin Ospital hasieratik ahalegindu zen. Mateo Vierge gailurrera lasterketaren lehian iritsi zen, zazpi txirrindulari onenen artean. Malda behera aurreko zazpikotea zatitu egin zen eta dena sprintera bideratuta Mateo Vierge zazpigarren amaituz.
Igandean taldeak larunbatean izandako jarrera bikaina errepikatu zuen Natxituako Sari Nagusian. Bizkaiko kostako ibilbideak etenik gabeko gora behera ekarri zion tropelari. Lasterketa abiadura handian aritu bazen ere, saiakera ugarirekin, inorrek ez zuen lortu tropelekin nabarmentzea. Ibilbidearen gogortasuna tropela murrizten joan egin zen eta garaipena azken hiru kilometroetan lehiatu zuten txirrindulariek. Behin Bedaroako mendatea igarota Eulen-Amenabar taldeko txirrindulariak ondo hasi zuten Natxituako igoera. Eraso ugari izan ziren azken bi kilometroetan, taldea bederatzi txirrindularietara mugatu arte, bertan ziren Marc Torres Colomar eta Mateo Vierge. Torres eraso guztietara atera egin zen eta buruz-buru geratu zen 300 metroren faltan Marco Martin Cuevas (EUF) -ekin. Helmuga marra begibistan zutenean errematatu zuen Martinek Torres, bigarren postu oso positibio bat bereganatuz. Mateo Vierge top5ean sartu zen baita, bosgarren sailkatuta.
Hurrengo astean gizonezkoen taldeak denboraldiko bi hitzordu garrantzitsueri aurre egingo die: Santikutz Klasikoa eta Balenziagaren Oroimenezkoa.

