MAITE URTEAGA SORAZU, BIGARREN IGARTZA SARI NAGUSIAN

Zumaiarra nagusi izan zen Igartza Sari Nagusiko aldapetan lasterketa nahi bezala mugituz eta bigarren postua eskuratuz Beasaingo helmugan. Urteagak mendiko saria irabazi zuen eta Claudia San Justo Manteconek tarteko helmugak bereganatu zituen.
Garaipen handia lortzear izan zen igandean Maite Urteaga Sorazu Beasainen lehiatutako Espainiako Kopako Igartza Sari Nagusian. Espainiako Kopako lasterketa gogorrena Euskal Herrian behar zuen nola ez eta ibilbideko sei mendateek lasterketa txikitu zuten. Lierniko eta Olaberriako igoera bakoitza -hiruna guztira- lasterketa apurtzen joan ziren. Lehenengo itzulian Eulen-Amenabar taldea besteen mugimenduak kontrolatzen izan zen. Lehenengo tarteko helmugan Claudia San Justo Mantecon gailendu zen eta Lierniko bigarren igoera hasi aurretik Aroa Gorostiza Ulloak alde egin zuen Massi taldeko Laura Gomezekin batera. Ihesitako bikoteak ia minutuko tartea ireki bazuen ere tropelak hauek harrapatzea lortu zuen azken kilometroetan.

Liernian gora Aroa Gorostiza behin harrapatuta erritmoa markatzen hasi zen eta Seguran egin bezala Maite Urteaga Sorazuk erasoa jo zuen tontorrera iristear zirela. Eraso indartsuarekin Maitek bakarrik alde egin zuen arren Olaberriarako ordekan berriz ere talde handi bat osatu zen lasterketa buruan. Olaberriako lehen maldan, mendate osoa baliatu nahian, berriz ere jo zuen Urteagak. Bere nagusitasuna baliatuz bakarrik bidea egin zuen eta tontorrean 17 segundutako tartea zuen. Helmugaraino tartea aldiz luzeegia egin zitzaion Urteagari eta hiru kilometroren faltan Valgonenek (TOY) harrapatu zion. Sprintean errusiarra azkarragoa izan zen eta Maite Urteaga bigarren postuarekin konformatu behar izan zen.

Gizonezkoen taldeak hitzordu bikoitza izan zuen asteburuan Euskaldun Txapelketaren baitan. Larunbatean Laukiz Udal Sarian Lohann Vuillez eguneko ihesaldian izan zen ia 100 kilometrotan. Erakutsitako lehiakortasunarekin tarteko helmugak bereganatu zituen frantziar gazteak. Ihesaldian Vuillez -ekin Asier Arteaga Arzallus izan zen erakutsiz jarrera lehiakorra eta indartsu hasi duela denboraldia. Azken kilometroetan taldea Vetla Torin Eskedalen txapelketako lidergoa defendatzeko lanean izan zen. Helmugan Eskedal bederatzigarren postua lortu zuen, Mateo Viergek eta Igor Iriarte Sanzek jarraituta. Hurrengo egunean Markina-Xemeinen taldeak lasterketaren protagonista izateko borrokatu zuen. Tarte erabakigarrian tropelaren ardura hartu zuen Eulen-Amenabarrek eta mendateetan markatutako erritmoari Igor Iriarte Sanzen mugimenduak eman zion jarraipena. Iriartek hainbat kilometro egin zituen ihes eginda beste bi txirrindularirekin. Behin harrapatuta lasterketa buruan 30 txirrindulariren taldea osatu zen Eulen-Amenabarreko sei txirrindularirekin. Azken mendateko erasoek ez zuten ekidin sprinta eta bertan Lohann Vuillez -ek bosgarren postu bikaina lortu zuen.

Datorren asteburuan bi taldeek denboraldiko bi helburu goreni aurre egingo diete. Emakumezkoek Lea Artibai Txallengea lehiatuko dute ostiraletik igandeera eta gizonezkoek Aiztondo Klasikoan parte hartuko dute larunbatean.

Share
Top