
Inoizko boladarik onenan sartuta daude Jirabira klubeko Eulen-Amenabar taldeak. Asteburuan Maite Urteaga Sorazuk garaipena lortu zuen Espainiako Kopan, Murtzian eta Asier Urteaga Arzallusek bigarren postua lortu zuen Iturmendi Garaikurrean.
Denboraldiko hamahirugarren garaipena lortu du Eulen-Amenabar emakumezkoen taldeak, Maite Urteaga Sorazuren eskutik. Zumaiarrak aurtengo bere hamargarren garaipena eskuratu zuen Abanillan (Murtzian) lehiatutako Trofeo Residencia San Ana lasterketan. Maitek beste behin ere erakutsi zuen bere nagusitasuna kategoria honetan bakarrik helmugaratuz. Hasierako kilometroetan lasaitasuna nagusi izan bazen ere lasterketa zeharo apurtu zen La Fuente de Algarroboko mendatean. Eguneko mendate gogorrenean Maite Urteaga Sorazuk bere bidea bilatu zuen eta kilometro t’erdiren faltan eraso indartsu batekin alde egitea lortu zuen. Gailurrean 15 segundu ingururekin joanda bakarkako erlojupeko bat bailitzan egin zituen azkeneko kilometroak Urteagak. Helmugara arte 15 kilometro zirela esfortzu betea egin zuen Maitek, oso ibilbide malkartsua baitzen. Helmugan Maitek errenta handitzea lortu zuen eta ia minutuko aldearekin gailendu zen.
Urteagaren garaipenarekin larunbat goizean Asier Arteaga Arzallusek bigarren postua lortu zuen Iturmendi Garaikurrean. Arteaga eguneko ihesaldian sartu zen, erakutsiz beste behin ere bikain aritu zen lasterketa hasierako mugimenduetan eta aurreratzea lortu zuen. Beroak eta ihesaldian talde ugari ordezkariak izateak eragin zuten errenta nabarmena izatea. Azken kilometroetan, ihesaldiak lasterketa lehiatzeko aukera zuenean, taldea sakabanatu egin zen. Asier indartsuenen artean izan zen. Lasterketa buruan bikote bat geratu zen Arteagarekin eta Calabuig -ekin (CJA). Helmugara iristear Caja Rural-Alea taldeko txirrindulariak alde egin zion Asierri garaipena lortuz eta Arteagak sasoian bigarren aldiz podiumeko bigarren koska lortuz. Igandean Mungian beroa nagusi izan zen, taldea borrokalari aritu bazen ere azken kilometroetan lehian izateko aukera ez zuten izan gazteek. Unax Olano Arozena izan zen taldekide onena 14. postuan.
Taldearen hirugarren fronte batek Extremadurako Itzulia lehiatu du hiru egunetan. Extremadurako lurretan bero handiari aurre egin behar izan diote taldeko kideek. Lehenengo etapan Mateo Vierge izan zen onena, lasterketa buruko taldean iritsita. Hurrengo etapan Lohann Vuillez eta Mateo Vierge onenekin izan ziren eta Lohann 12. izan zen etapan. Azken etapa erabakigarrian, etapa erregina, sailkapen nagusia definitzeko eguna zen. Igor Iriarte Sanz eta Mateo Vierge ahalegindu ziren protagonismoa bilatzen Baños de Montemayor -rera bidean baina beroak limiteraino eraman zituen txirrindulariak. Helmugan Igor 15. izan zen eta sailkapen nagusian tolosarra izan zen taldekide onena.

