
Gizonezkoen Eulen-Amenabar taldeak euskal egutegian emaitza onak lortzen jarraitzen du. Lohann Vuillez -ek bigarren postua lortu zuen asteazkenean Aiegin, bederatzigarren izan zen Aiara Zirkuituan eta bosgarren Leintz Bailarari Itzulian.
Abuztuko egutegian murgilduta, lasterketetaz beterik igaro dituzte azkeneko egunak Eulen-Amenabar gizonezkoen taldeko kideek. Asteazkenean Aiegin parte hartu zuten txirrindulariek, Casa Luisa Garaikurrean. Bertan Igor Iriarte Sanz balentria bilatu zuen Ismael Goñirekin (FSH). Eraulen alde egin eta gero Lezaun gainditu zuten ihesitako bi txirrindulariek. Tropelarekin errenta mantentzen ahalegindu ziren baina Murugarrenen gora harrapatu zituen talde nagusiak. Talde nagusian hainbat saiakera izan baziren ere sprintera bideratu zen garaipenaren definizioa. Lohann Vuillez ondo kokatu zen azken kilometro gogorrean eta Aiegiko kale estuetan sprint bihurri batean bigarren postua lortu zuen Vulliezek. Lohannek tarteko helmugak bereganatu zituen gainera eta Igor Iriarte Sanz eta Mateo Vierge top20ean sartuta taldekako garaipena lortu zuen Eulen-Amenabarrek.
Aiegiko zapore gozoaren ostean Lehendakari Txapelketako erronka bikoitzari aurre egin zion taldeak Amurrion eta Aretxabaletan. Larunbatean Amurrion talde osoa oso aktibo mantendu zen lasterketa osoan zehar. Asier Arteaga Arzallus beste behin eguneko ihesaldiko protagonista izan zen, lasterketako mugimenduei neurria ondo hartuta diela konfirmatuz beste behin ere. Lasterketa osoan zehar taldeko kide guztiak mugimendu bakoitzean presente izan ziren. Amaieran talde handi batek sprinta jo zuen eta bertan Lohann Vulliezek bederatzigarren postua konfirmatu zuen.
Astea ixteko Aretxabaletako Leintz Bailarari Itzulia lehiatu zuten taldekideek. Tropelak estu kontrolatu zuen lasterketa hasieratik. Hala ere Unax Olano Arozena eta Asier Arteaga Arzallus ihesaldi laburretan murgildu ziren. Gatzagako lehenengo igoeran Lohann aurrean mantendu zen, urrutiko saiakera burutuz. Bi igoeren arteko tarte luzean tropela berriz ere elkartu zen. Bigarren igoera erabakigarrian Igor Iriarte Sanzek erritmoa markatu zuen lasterketa buruan, tropela hautsiz. Buruz-buruko lehian Uriartek (EUF) alde egin bazuen ere Iriartek ez zuen amore eman eta malda gora bezala Arlabanen malda behera distantzia laburtzen ahalegindu zen. Helmugara bidean talde nagusiak harrapatu zuen Iriartek eta sprintean berriz ere Lohann Vulliez ondo murgildu zen eta bosgarren postua lortu zuen.

