
Azken lau lasterketak geratzen zaizkio Eulen-Amenabar taldeari denboraldia eta 16 urteko ibilbidea ixteko. Talde osoa lehiakortasuna ikur hartuta lehiatzen ari da azken lasterketetan.
Hamasei urtetan behin eta berriz erakutsitako eta ikur izandako jarrera azken egunera arte adieraziko dute Eulen-Amenabar taldeko gizonek. Abuztuan zehar Lehendakari Txapelketako hainbat proba lehiatuta egunero aritu dira taldeko kideak borrokan sartzen. Helmugan lortutako emaitzetaz haratago talde osoak maillot urdinari presentzia ematea izan du helburu. Jardun horretan bereziki Asier Arteaga Arzallus nabarmendu da. Ez dago euskal egutegiko lasterketarik gazte tolosarrak huts egiten duenik, beti eguneko ihesaldian presente. Uda garaiko lasterketa hauetan ihesaldi handiak osatu ohi dira eta Arteagarekin batera Quentin Ospital, Unax Betelu Menzia edo Lohann Vulliez taldekideak sartuta ikusi izan ditugu.
Txirrindulari bat ihesaldian sartuta bakarkako lana badirudi ere, talde lanaren erakusle handia da. Lasterketen gora beherei moldatzeko talde lana da errezeta onena eta horrela adierazten du taldearen jardunak ere. Borrokalari izateko helburuaz haratago taldeak ere emaitzak izatea bilatzen du. Lan horretan Lohann Vulliezek neurria hartuta dio euskal egutegiari. Aiegin bigarren postua lortu ostean beste hainbat top10 lortu ditu azken asteetan txirrindulari frantziarrak. Lohann bederatzigarren izan zen Amurrio, bosgarren Aretxabaletan, Elgoibarren zortzigarren helmugaratu zen eta pasa den larunbatean Zegaman hamargarren izan zen.
Taldeko eskalatzaileek ere protagonismoa bilatu izan dute egun gogorrenetan. Igor Iriarte Sanz eta Mateo Vierge ahalegindu dira lasterketak apurtzen mendate gogorretan. Mateok bereziki bolada oso ona hartu du, malda gora indartsuenekin izatearekin batera taldearen joera borrokalariak kutsatuta jarrera oso erasokorra erakutsi du Saint Martin de Seignanx -ekoak.

