
Tolosarrak podium ahaztezina erdietsi zuen Espainiako Kopako Santikutz Klasikoan. Gizonezkoen taldean lehen aldiz errepide kopako podiuma eraman du Igor Iriarte Sanzek, emaitza historikoa.
Maiatza denboraldiko hilabete garrantzitsuena dute Eulen-Amenabar taldeek eta modu ezinhobean hasiera eman zioten gizonezkoek maiatzaren lehenean Santikutz Klasikoan. Taldearen bolada onak behingoz emaitzak izan zituen Legazpiko lasterketan. Hasieratik seikotea oso aktibo aritu zen, ihesaldiaren bila. Quentin Ospital, Lohann Vuillez eta Unai Zurita Gutierrez ihesaldia bilatzen ahalegindu ziren hasierako kilometroetan eta Ospitalek lortu zuen eguneko ihesaldian sartzea. Santikutz Klasikoaren ibilbideak hala ere ez zuen barkatuko eta gogortasunak eragingo zuen kilometro erabakigarrietan tropela nagusitzea. Kirtenbergo paretan gora buruz-buruko lehia izan da lasterketa buruan. Bertan sartu egin zen Igor Iriarte Sanz, lasterketaren lehian bete-betean sartuta. Hurrengo lau mendateetan lasterketa burua gehiago murrizten joan zen eta Igor uneoro bertan mantendu zen. Gabirian gora Iker Perez Lucasen (CJA) erasoari jarraitu ezinda bikote jarraitzaile batean geratu zen Igor podiuma bermatu nahian. Helmugan bigarren postuaren sprinta luze jo zuen tolosarrak eta azkenean hirugarren sailkatu egin zen.
Ostiraleko emaitza onei jarraipena eman nahian taldea motibazio handiarekin ekin zion igandean Balenziagaren Oroimenezkoari. Lehenengo unetik protagonistak izan nahian txirrindulariak oso lehiakor irten ziren. Unax Olano Arozena nabarmendu zen hasieran, hainbat mugimenduetan sartuta. Elgetako mendatean tropelak erritmo indartsua markatu zuten. Igor Iriarte Sanz, azken orduko gaixotasun bat tarteko erretiratu behar izan zen. Marc Torres Colomar eta Mateo Vierge oso ondo aritu ziren Elgetan gora eta Izuako mendatean, exijentziak gora egin zuenean ondo mantendu ziren. Mateok helmugara arte talde nagusiaren erritmoa mantendu zuen eta sprintaren lehiaren urrun izan bazen ere, 11. postuan sailkatu egin zen, beti bezala berme fidagarria izanda taldearentzat.
Aste honetan oroitzapen hain onak ekartzen dituen Bidasoa Itzulia lehiatuko du gizonezkoen taldeak eta emakumezkeon taldeak Espainiako Kopari ekingo dio berriz ere Legutio Sarian, Araban.

