JIRABIRA KLUBEKO GIZONEZKOEN TALDEAK EZ DU ERREPIDEAN JARRAITUKO

Hamasei urteren ostean Jirabira klub zarauztarrak sustatutako gizonezkoen taldea ez da errepidera aterako 2027. denboraldian. Ehun txirrindulari gazteri aukera eman ostean amateur mailak duen noraezak eragin du klubak hartutako erabakia.

Pistako klub xume bat bezala eman zituen lehenengo pausuak 2010ean Jirabira klubak. Ismael Etxarri Vidanek Gipuzkoako pista tradizio luzeari paradigma berria eman nahian sortu zuen taldea. Hortik aurrera etengabeko hazkundea izan duen taldearen historia idazten joan zen. Hyundai-Oarso Car izenarekin hasieran, jarraian Parking Geltokia izena izan zuen taldeak eta 2017an geroztik Eulen izena izan du. Azken urteetan, 2022tik 2025era Eulen-Nuuk izenarekin eta azken aurten Eulen-Amenabar izenarekin.

Urte guzti hauetan ehun kirolari baino gehiagori aukera eman zaie amateur mailan aritzeko. Taldetik igarotako txirrindulari batzuk profesional mailara iristea lortu badute ere, taldearen garaipen handiena kirolarien formakuntza eta kirol jarduna uztartzea izan da. Lehentasuna izan da betidanik klub osoarentzat kirolariek aukera izatea uneoro afizionatu mailan lehiatzearekin batera goi-mailako formakuntza uztartu ahal izatea. Horrela, etorkizuneko euskal gizarterako irakasleak, arkitektoak, matematikariak, informatikariak, ingeniariak, kazetariak, teknikariak eta abar handi bat sortzen lagundu du klubak.

Hala ere, azken urteetan afizionatu mailaren noraeza handitzen dihoala hausnartu du Jirabira klubeko zuzendaritzak. Profesionalismora bakarrik begira ari den maila bilakatu da, “amateurismoa” begiratu gabe. Jirabira klubak aldiz beti bokazio bakarra izan du: afizionatu maila. Afizionatu mailan formakuntza erdigunera ekarrita lortu baitu Zarautzeko klubak 16 urte hauetan erronka guztiak gainditzea. Orain, proiektua baino jauzia emateko aukerak baloratzen dituen txirrindularitza batean, proiektu honek, formakuntza erdigunera ekarriz, zentzurik ez duela ondorioztatu dute Jirabira klubeko arduradunek.

Share
Top