
Gorlara Igoeran laugarren postu bikaina lortu eta gero norvegiarra txapelketako lider kokatu da. Klubaren historian lehen aldiz bi taldeetako txirrindulari Euskaldun Txapelketetako lider dira.
Mugarri historikoak gainditzen jarraitzen dute Eulen-Amenabar taldeko kideek. Lehen aldiz historian emakumezkoen zein gizonezkoen kide bana Euskaldun Txapelketako lidergoan dira. Claudia San Justo Manteconek txapelketaren hasieratik lider da eta asteburu honetan lortutako emaitza onei esker Vetle Torin Eskedalek jantzi du liderraren maillota. Eskedalek ohorezko bi postu eskuratu ditu larunbatean eta igandean. Berriatuan garaipenaren lehian izan zen Eskedal. Eguraldi petral batekin lehiatutako San Gregorio Sarian Eskedal oso ondo mugitu zen amaieran indartsuenen taldetxoan sartzeko. Lehenagotik Sam Koop eguneko ihesaldian izan zen, sentsazio bikainak transmitituz. Lekoitz-Ganeko jaitsieran lasterketa mila taldetxotan apurtu egin zen. Taldeko hainbat ordezkarik aurrean kokatzea lortu zuten eta Mendexako mendatean gora, lasterketa erabat erabaki zenean, Eskedal lasterketa buruan sartu zen. Azken kilometroetan, mila-kurbetako errepidean puntan kokatutako zortzi txirrindulariek elkarri mokoka aritu baziren ere, sprintean erabaki zen lasterketa eta bertan Vetle Torin Eskedal zazpigarren sailkatu zen.
Aurreko eguneko miseriak pasa eta gero txirrindulariek gogoak zituzten oraindik ere Gorlako hitzordu historikoari aurre egiteko. Exijentzia goreneko lasterketa batean lau mendate puntuagarri gainditu behar izan zituzten txirrindulariek. Berriz ere eguraldiak exijentzia gogortu zuenean taldea ondo mugitu zen lasterketan zehar amaierara aukera sendoekin iristeko. Gorlako igoera erabakigarrian Vetle Torin Eskedal onenen artean aritu zen eta ihesaldiak helmugarainoko bidea egin bazuen ere norvegiarrak talde nagusiaren sprinta irabazi zuen, laugarren postua bereganatuz. Igor Iriarte Sanz ere igoera sendoa egin zuen 10. postuan amaitzeko. Bi lasterketetan lortutako emaitza onei esker Vetle Torin Eskedal Euskaldun Txapelketako liderra da, 30 punturekin.
Emakumezkoen taldeak beste hitzordu garrantzitsu bat izan zuen Espainiako Kopako hasierako probarekin, GP Cantabria-Deporte, Nojan. Lasterketa oso zaila izan zen, sprintean amaitu ohi den arren gora behera ugari zituelako eta hainbat estugune gainditu behar zirelako. Eulen-Amenabarreko txirrindulariek hainbat aldiz saiatu ziren lasterketaren hasieratik ihes egiten baina tropelak ez zuen inoiz onartu inorrek alde egitea. Saiakera indartsuena Maite Urteaga Sorazuk egin zuen azken itzulian sartuta eta bi kilometro falta ziren arte ez zuen harrapatu tropelak. Sprintean Dziyana Lebedz izan zen taldekide onena zortzigarren postuan. Claudia San Justo erkidegoko txirrindulari onena izanda Cantabriako elite mailako txapeldun berria izendatu zen.
Lehiak ez du etenik Eulen-Amenabar taldearentzat eta datorren asteburuan gizonezkoen Euskaldun Txapelketako bi hitzorduri aurre egingo dizkiote Laukizen eta Markina-Xemeinen eta emakumezkoek igandean Beasainen Espainiako Kopako bigarren proba lehiatuko dute, Igartza Sari Nagusia.

