MAITE URTEAGA SORAZU GARAILE ESPAINIAKO KOPAN

Zumaiarrak bere kalitatearen aldarri egin zuen beste behin ere Espainiako Kopan eta Comarca Brigantina proba irabazi zuen larunbatean Betanzosen. Igandean Dziyana Lebedz seigarren izan zen Pontevedran eta Lohann Vuillez bederatzigarren Lizarran.
Eulen-Amenabar emakumezkoen taldeak Espainiako Kopako hitzordu bikoitza izan zuen pasa den asteburuan Galiziako lurretan. Larunbatean Betanzosen Comarca Brigantina lasterketa lehiatu zen eta igandean Gran Premio Cidade Pontevedra ospatu zen. Larunbateko hitzordua gogorrena zen, amaierako “Galivier” mendateak erabakiko zuen lasterketa. Hasierako kilometroetan hainbat mugimendutan sartu ziren taldeko neskak, batez ere Dziyana Lebedz ondo aritu zen hasieran. Behin mendate erabakigarria hurbiltzen zela Claudia San Justo Manteconek eta Laida Alzola Hierrok tropelean tiraka hasi ziren. Mendate gogorra bazen ere, hiru kilometro eskasek ez zuten zalantzarako aukera handirik eskaintzen eta Maite Urteaga Sorazuren erasoa hasiera-hasieratik etorri zen. Lehenengo erasoan tropeleko indartsuenek gurpila jarraitzea lortu bazuten ere Maitek oraindik indarrak gorde zituen bigarren eraso baterako eta gailurrera iritsi aurretik bakarkako bideari ekin zion inolako kupidarik gabe. Errenta handitzen hasi zen zumaiarra, hasierako 15 segundututatik 30 segundutaraino errenta eramanda eta besoak nagusitasun osoz altxatzeko tartea hartuta.

Igandean gidoi guztiz ezberdina aurreikusten zen, lasterketa azkarrarekin eta denak sprintean amaitzeko ideiarekin. Tropelak abiadura handia hartu zuen hasieratik eta Eulen-Amenabar taldea kontrolatzen hasi zen, talde lana sustatzeko eta lasterketa kontrolatuta eramateko. Azken kilometroetan bi malda nabarmen ziren baina horien artean ordeka handia zegoenez mugimenduetarako aukera eskasak zeuden. Gauzak horrela sprinta prestatzeko lanean hasi ziren neskak. Sprintean Dziyana Lebedz eta Claudia San Justo Mantecon ondo kokatu ziren eta Dziyanak seigarren amaitu zuen eta Claudiak zazpigarren. Laida Alzola Hierro gazteak top10a itxi zuen emaitza bikaina lortuz.

Gizonezkoen taldeak euskal egutegian borrokan jarraitu zuen Nafarroa Txapelketako lehenengo probarekin, Cirilo Zunzarrenen Oroimenezkoa Lizarran. Taldeko txirrindulariak tropelean mantendu ziren lasterketaren lehenengo 100 kilometroetan. Behin txanpa erabakigarria hastean eta ihesaldia harrapatzeko jazarpen lanek ez zutela errenta gutxitzen taldea lanean hasi zen orduan bai ihesaldia harrapatzeko 15 kilometroren faltan. Eraulen gora Mateo Vierge eta Igor Iriarte Sanz aktibo eta saiatzen aritu baziren ere talde handi bat mantendu zen buruan eta sprintean erabaki zen aurtengo edizioa. Lizarrako kaleetan 40 txirrindularitako talde bat sartu zen eta Lohann Vuillez izan zen taldeko onena, bederatzigarren postuan. Gainera Asier Arteaga Arzallus tarteko helmugen sailkapena irabazi zuen, bere lehiakortasuna erakutsiz beste behin ere.

Hurrengo asteburuan emakumezkoen taldeak UCI mailako lasterketa lehiatuko du etxean, Eibar Hiria Sari Nagusia, profesionalekin. Gizonezkoek Euskaldun Txapelketako proba berri bat izango dute, Eusebio Velez Garaikurra Duranan.

Share
Top