MAITE URTEAGA SORAZU ETA EULEN-AMENABAR TALDE OSOA KUPIDARIK GABE GIPUZKOAKO ITZULIAN

(c) Martin Early

Maite Urteaga Sorazu zumaiarrak dena eraman du Gipuzkoako Emakumezkoen Itzulian asteburu honetan. Lehiatutako hiru etapak irabaztearekin batera sailkapen nagusia eta gainerako sailkapen guztiak ere bereganatu ditu.
Asteburu borobila izan du Eulen-Amenabar emakumezkoen taldeak Emakumezkoen Gipuzkoako Itzuliaren lehian. Maite Urteagaren domeinuarekin batera talde osoak irudi bikaina eskaini du, bakarkako arrakasta bat izatea baino arrakasta kolektiboa izatera eramanda. Lehenengo egunean, Tolosako atariko proban, Maitek dagoeneko lehenengo diferentziak ezarri zituen. Taldearekin estreinua zuen Olympia Norrid-Mortensen eta Claudia San Justo Mantecon ere top10ean sailkatu ziren. Larunbatean Debako etapan kantauri itsasertzeko maldak erabakigarriak izango ziren. Hasierako kilometroetan taldea bikain aritu zen kontrol lanetan. Erlojupetik ateratako diferentzia urriek txirrindulari askoren mugimenduak kontrolatzera derrigortu zituzten Eulen-Amenabarreko txirrindulariak. Galdonako lehenengo mendatean dagoeneko lasterketa hautsi egin zen eta Maite Urteaga Sorazu oso erraz baliatu zen aurrean izateko. Itziarren gora Maitek Maier Olano Arozenaren (MAS) erritmoari eutsi zion eta gaina harrapatu aurretik jotako eraso batekin bakarrik alde egin eta bakarrik helmugaratzea lortu zuen. Olympia Norrid-Mortensenek etapa bikaina burutu zuen bigarren taldean eta hirugarren sailkatu zen. Etapa hau Gipuzkoako Errepide Txapelketa izan zen ere eta ondorioz Maite Urteaga Sorazu elite mailako Gipuzkoako Txapelduna izan zen.

Azken etapan, Elgoibarren, Maitek irekitako 48 segundutako aldearekin argi zegoen tropel osoak Maiteren kontra egingo zuela. Egoera horri aurre egiteko beste behin ere Eulen-Amenabar taldeak talde lan erakustaldi bikaina eskaini zuen eraso guztiei aurre egiteko. Hasierako kilometroak nahiko lasai joan ziren, aurrerago eguneko ihesaldia osatu zen arrisku nabarmenik gabe baina beti Ane Berastegi Jakaren presentziarekin egoera guztiz kontrolatuta izateko. Lasterketa Azkaraten gora erabaki behar zen eta mendatean lasterketa bat eginda sartzeko talde osoan lan ona egin zuen lehenengo maldetan ihesitako txirrindulari guztiak harrapatuta. Beroak eta malda gogorrek talde nagusia txikitzen joan ziren eta aurreko egunean bezala Maite Urteaga Sorazu guztien gainetik nabarmendu zen Azkaraten Gipuzkoako Itzulia borobilduz. Besoak altxatu zituen Maitek Elgoibarreko kaleetan hiru behatz goraka markatuz, talde lanak emandako garaipenak izan direla ahaztu gabe. Maitek sailkapen nagusiarekin batera tarteko helmugak, mendiko sailkapena eta erregulartasuna bereganatu ditu eta talde osoak taldekako sailkapena irabazi zuen. Olympia Norrid-Mortensenek azken etapa bikaina burutu zuen ere bigarren taldetxoko indartsuena izanda eta sailkapen nagusian hirugarren postua lortuta.

Share
Top