ARRAKASTEN ASTEBURUA EULEN-AMENABAR TALDEENTZAT

Nafarroako Itzulian Unax Olano Arozenak tarteko helmugak bereganatu zituen bi egun ihesaldian izan ostean eta Asier Arteaga Arzallusek Gasteizko Proban ere tarteko helmugak irabazi zituen. Euskaldun Txapelketako beste bi garaipen lortu dituzte emakumezkoek Bergaran Maite Urteaga Sorazurekin eta Sopelan Oympia Norrid Mortensenekin. 
Borrokarako grinarekin eta protagonistak izateko helburuarekin lehiatu dute Eulen-Amenabar taldeko kideek Nafarroako Itzulia. Lau egunetako lasterketa exijenteak protagonistak izateko aukera eman die Jirabira klubeko txirrindulariei. Lehenengo etapako hasieratik Unax Olano Arozenak erasora jo zuen. Bera izan zen eguneko ihesaldiaren hazia. Oskotzen eta Zubietan zeuden bi tarteko helmugetan lehenengo postua lortuta podiumera igotzea lortu zuen Olanok. Igor Iriarte Sanzek eta Mateo Viergek tropel nagusian helmugaratzea lortu zuen, hala ere Olanok sortutako ihesaldiko azken kideek erabakigarria izango zen errenta lortu zuten helmugan.

Bigarren etapa trantsizio etapa izan zen Nafarroako Erriberan etapa erreginaren bezperan. Baztanen lehiatutako etapa bortitzean taldea bi helburu argirekin plazaratu zen, Unax Olanoren tarteko helmugetako aukerak baliatzea eta Igor Iriarte Sanzek aukera izatea malda gora bere doaiak erakusteko. Olanok punturik biltzea lortu ez bazuen arren, Lohann Vuillezek egindako kontrol lanari esker eta helmugan lortutako postu onari esker azken egunera lider iritsi zen. Sailkapen nagusiaren lehiaren kasuan Igor Iriarte Sanz Bagordiko malda bortitzetan erasoa jotzen ahalegindu zen baina ez zuen lortu erritmo aldaketa nahikorik ezartzea alde egiteko. Eguraldi petralak lasterketa guztiz baldintzatu zuen eta Igorrek hamabosgarren postua lortu zuen, onenengandik 3 minututara.

Sailkapen nagusiko aukerak alde batera utzita talde osoa tarteko helmugetan garaipena ziurtatzeko lanetan aritu zen azken etapan. Puntuen batuketa ez zen kontuan hartzeko aldagai bakarra izango puntuetan berdinketa izanda sailkapen nagusiko postuek erabakiko baitzuten maillotaren jabea. Lehenengo tarteko helmugan punturik bildu ez ostean dena Unax Olano Arozenak apostua egin zuen Allotzeko tarteko helmugaren aurretik zegoen Girgilaoko mendatean erasoa jotzeko. Lasterketa burura iristea lortu zuen Unaxek eta Allotzeko maldan erritmo gogaikarria ezarri zuen inorrek aurre ez hartzeko eta hiru puntuak bereganatuta orduan bai maillota ziurtatzeko. Garaipen baliogarria izan zen, Unaxek berandu hasi baitzuen denboraldia hainbat arazo tartean eta Nafarroako Itzuliko amaierako podiumera igota pedalkada onena berreskuratu duela argi adierazi du. Euskaldun Txapelketarako baliogarria zen Gasteizko Proban Asier Arteaga Arzallus ere protagonista izan zen tarteko helmugetako sari berdina ere bereganatuta.

Emakumezkoen taldeak ez du garaipenaren bidetik alde egiten. Asteburuan lehiatutako bi hitzorduak irabazi dituzte neskek. Ostiralean San Martzialera Igoeran Maite Urteaga Sorazu izan zen azkarrena 5’13” -ko denborarekin, 18 segundu aterata bigarren sailkatuari 1,5 kilometrotan. Igandean Sopela Udala Sarian Mikel Usandizaga Leunda zuzendariak taldekide guztiek Gipuzkoako Itzulian egindako lana saritu nahi izan zuen askatasuna emanez talde osoari. Olympia Norrid Mortensen hasieratik pasa zen erasora eta bosgarren kilometroan bakarrik alde egitea lortu zuen. Azkar batean lortu zuen Olympiak errenta 40 segundutara eramatea eta orduan agindua argia izan zen: tropela kontrolatzea Olympiari hegalak emateko. Horrela burutu zuten agindua neskek atzean eta Olympiak bakarkako erlojupeko bat bailitzan bidea egin zuen helmugara arte. Helmugan garaipena lortu zuen danimarkarrak 1’20” -ko aldearekin. Bigarren postua Maite Urteaga Sorazuk lortu zuen azken maldan eraso indartsua jo ostean.

Hurrengo asteburuan emakumezkoen taldeak Lizarrako Udalaren Emakumeen Saria lehiatuko du, Espainiako Koparako baliogarria. Gizonezkoen taldeak hitzordu bikoitza izango du Euskaldun Txapelketaren baitan Seguran eta Irunen.

Share
Top