
Eulen-Amenabar emakumezkoen taldeak asteburu bikaina burutu du Lea Artibai Txallengean etapa garaipen batekin eta sailkapen nagusiko lehenengo eta bigarren postuekin. Gizonezkoetan Aiztondo Klasikoan Igor Iriarte Sanzek 14. postua lortu zuen.
Euskaldun Txapelketako hitzordu nagusia da Lea-Artibai Txallengea eta lehenengo aldiz sailkapen nagusian garaipena lortu du Eulen-Amenabar taldeak. Lasterketa sentsazio bikainekin hasi zuten emakumezkoek Lekeitioko atariko proban. Maite Urteaga Sorazuk garaipena lortu zuen 5’59” -ko denborarekin, Aroa Gorostiza Ulloa laugarren izan zen 9 segundutara eta Claudia San Justo Mantecon zazpigarren izan zen 13 segundutara. Emaitza on horiei esker taldekako garaipena ere lortu zuten emakumezkoek. Bigarren etapan lidergoa defendatzera eta sailkapen nagusiko aukerak bizirik mantentzera atera ziren talde zarauztarreko gazteak. Naya Mangas Etxebeste eguneko ihesaldian izan zen kilometro batzuetan. Azken 15 kilometroetan ihesaldiko azken txirrindularia harrapatu ezinik eta mila-kurbetako tarte sigi-sagatsuan murgilduta Aroa Gorostizak kontra erasoa jo zuen. Lasterketa burura iristeko gai izan ez bazen ere elorrioarra hirugarren postuan sailkatu zen eta sailkapen nagusiko lidergoa eskuratu zuen.
Azken etapan, Markina-Xemeinen sailkapen nagusiko lidergoa Aroa Gorostizaren sorbaldan mantentzearen alde lana egin zuen Eulen-Amenabar talde osoak. Hasierako kilometroetan ihesaldi saiakera ugari izan ziren eta behin Gontzagariganeko maldak hastean Maite Urteaga Sorazuren erasoa etorri zen lasterketa burua neutralizatu nahian. Ihesitako txirrindulariak harrapatzean galga lanak egin zituen txirrindulari zumaiarrak eta atzetik Aroa Gorostiza liderra iristean zortzikote bat osatu zen lasterketa buruan. Lasterketa buruko zortzikotean Urteaga eta Gorostiza ziren eta ihesitako txirrindulariak bikain moldatu ziren tropelarekin errenta mantentzeko. Bigarren itzuli osoa errenta hori mantentzeko joan jarraitu zuten ihesaldian eta azken bi mendateak elkarrekin igaro ostean Markinara heldu ziren. Sailkapen nagusiko lehenengo bi postuak bermatuta sprintean Urteaga hirugarren izan zen, emaitza aparta borobilduz. Hortaz gain Maite Urteagak mendiko saria irabazi zuen, Claudia San Justok tarteko helmugak bereganatu zituen eta Eulen-Amenabarrek taldekako sailkapena irabazi zuen.
Emakumezkoen emaitza positiboekin bat eginez Aiztondo Klasikoak gizonezkoen taldearen irudi ederra eskaini zuen. Lohann Vuillez ihesaldiak hartzera zaletuta eguneko ihesaldian izan zen, taldeko lehenengo helburu garrantzitsua zena. Bederatzi txirrindularietako ihesaldiak ia bi minutu izatera iritsi zen Aiztondoko zirkuitu urduri eta teknikoan. Lasterketa zeharo baldintzatuta geratu zen 30 kilometroren faltan anbulantzia faltagatik lasterketa neutralizatuta. Horrek eragin zuen behin berriz ere abiatzean 6-7 kilometro geratzea helmugarako. Orduan ihesaldiak aukera guztiak izan zituen irabazteko. Lohann Vuillez, geldirik izandako denboran jasandako hotzagatik eta karranpengatik ez zuen aukerarik izan lasterketa lehiatzeko. Talde nagusitik Igor Iriarte Sanz mantendu zen borrokan eta 14. postu bikain batean Larraulgo helmugara.

