GAZTELA LA MANTXAKO ITZULIA BEREGANATUTA DENBORALDIA IXTEKO

Emakumezkoen taldeak denboraldia amaitu du asteburuan Gaztela La Mantxako Itzulia irabazita. Bertan, enegarrenez Maite Urteaga Sorazuk sailkapen nagusia bereganatu du eta Olympia Norrid-Mortensenek lehenengo etapa irabazi zuen.

Eulen-Amenabar emakumezkoen taldeak denboraldi historikoa itxi du pasa den asteburuan. Gaztela La Mantxako Itzuliko bi etapetan protagonista argiak izan dira Jirabirako txirrindulariak eta Olympia Norrid Mortensenek lehenengo etapa irabazi ostean Maite Urteaga Sorazuk sailkapen nagusia bereganatu du. Ostiralean hasi zen Gaztela La Mantxako Itzulia Sigüenza eta Cifuentes arteko etaparekin. Lehenengo kilometroetatik hainbat eraso suertatu ziren ihesaldiaren bila. Eulen-Amenabar taldeko txirrindulariak ere ihesaldia bilatzen saiatu baziren ere inorrek ez zuen lortu tarterik irekitzea eta tropela elkartuta iritsi zen lehenengo mailako Saeliceseko Mendate hasierara. Mendatean gora hamalau txirrindularietako taldea osatu zen lasterketa buruan, bertan Olympia Norrid-Mortensen, Maier Olano Arozena eta Maite Urteaga Sorazu zeudela. Behin mendatea gaindituta hiru txirrindulariak ahalegindu ziren erasoekin bakarrik alde egiten baina ez zuten lortu eta azken kilometroetan, helmuga tekniko batean, Olympia Norrid-Mortensen azkarrena izan zen etapa irabaziz eta sailkapen nagusiaren lidergoa lortuz.

Bigarren etapa, Sacedon eta Beteta artean, oso ibilbide gogorra zuen mendate ugarirekin eta exijentzia handiarekin. Olympia Norrid-Mortensen lidergo maillota jantziz taldeari ardura osoa hartzea egokitu zitzaion. Hasierako kilometro lasaien ostean, Ane Berastegi Jaka beste txirrindulari batzuekin batera eguneko ihesaldia osatu zuen. Aneren taldeak, hainbat taldeetako ordezkariekin, bidea egin zuen eta hiru minutu baino gehiagoko errenta eskuratu zuen. Sailkapen nagusian arriskua ikustean Eulen-Amenabar taldea lanean jarri behar izan zen tropel buruan. Claudia San Justo Mantecon eta Naya Mangas Etxebeste tropelari erritmoa jartzen hasi ziren, errenta irauli nahian. Ibilbide gogorrak errenta txikitzea asko zaildu zuen eta ikustean tropelak ez zuela erritmo nahikoa hartzen aurreko txirrindulariak harrapatzeko Maier Olano Arozenarekin erasoa jotzea erabaki du taldeak. Orduan bai tropelean sua piztu zen, abiadura handituz eta mendate erabakigarrienak iritsi orduko denbora galera onargarriagoa izanda. Pantanoko Mendatean ihesaldiak bizirik irauten bazuen ere distantzia laburragoa zen eta orduan Maite Urteaga Sorazuren erasoa etorri zen, ihesaldiko txirrindularien bila. Jazarpen lana egitea tokatu zitzaion txirrindulari zumaiarrari eta ihesaldiko txirrindulari guztiak bat ezik harrapatu zituen. Helmugan, etapako bigarren postua lortuta eta atzeko txirrindulariak atzean utzita Maite Urteaga Sorazu sailkapen nagusiko garaile suertatu zen. Olympia Norrid-Mortensen talde nagusian mantendu zen eta sailkapen nagusian bigarren postuan sailkatu zen. Zumaiarrak ametsetako denboraldia itxi zuen larunbatean Eulen-Amenabar taldearekin. Profesionaletarako jauzia emateko aukera ekarri dion denboraldian dozena bat garaipen baino gehiago lortu ditu, klub honen historiaren mugarria izanez. 

Gizonezkoen taldeari dagokionez Lehendakari Txapelketako Sopelako eta Muxikako probetan izan ziren. Asier Arteaga Arzallusek beste behin ere euskal egutegiari neurria ondo hartuta diola erakutsi zuen. Denboraldi honetan askotan egin bezala eguneko ihesaldian izan zen Sopelan. Lasterketa oso eroan Arteagarekin batera gainerako taldekideak mugitu egin ziren protagonismoa bilatuz. Azken kilometroetan lasterketa elkartu egin zen eta Lohann Vuillezek hamaikagarren postua lortu zuen Sopelako helmugan. Muxikako San Roman Saria ildo berdina jarraitu zuen, ihesaldi eta mugimendu ugarirekin. Igor Iriarte Sanz ihesaldian murgildu zen itzuli batean zehar. Amaierako txanpan San Romango maldak lasterketa definitu zuen eta Unax Betelu Menzia izan zen taldekide onena helmugan.

Share
Top