
Frantziako amateur mailako egutegiko bi egunetako itzulia irabazi du asteburuan Maite Urteaga Sorazuk. Taldekako sailkapenean ere nagusitu dira Jirabirako txirrindulariak eta Maitek erlojupekoan garaipena lortu zuen.
Euskal Herrian eta estatuko egutegian urte osoan zehar protagonista izan eta gero erronka berrien bila jarraitzen dute Eulen-Amenabar taldeko emakumezkoek. Uztaila hasieran Portugalgo Volta lehiatu ostean pasa den asteburuan Tour Charente-Maritimen aritu dira lehian. Bordele eta Arroxela arteko lurretan Frantziako egutegiko afizionatu mailako tropel onena elkartuta, etapa guztiz lauei aurre egin behar izan diete txirrindulariek. Lehenengo etapa, larunbat goizean, Saintes eta Pons artean oso azkar joan zen, ia 40 kilometro orduko bataz bestekoan. Diferentziak egiteko igoeren faltan taldeak beste behin jarrera borrokalaria erakusten ahalegindu zen. Abiadura bizian joan zen tropela eta saiakera guztiak azkar batean deusestatzen zituzten uneoro ari ziren kontraeraso saiakerek. Tropelak sprintean definitu zuen lehenengo garailea. Maier Olano Arozena 15. postuan izan zen taldekide onena baina denen aukerak mantenduta denbora berdinean sartuta.
Arratsaldeko saioa, 11 kilometrotako erlojupekoa, sailkapen nagusia definitzera deituta zegoen. Bertan baitzegoen hiru etapetako aukera bakarra denbora diferentziak markatzeko. Maite Urteaga Sorazu azkarrena izan zen erlojupekoan 14’32” -ko denborarekin, lau segunduko aldea aterata Heidi Gaugain -i (BRZ). Maier Olano Arozena zortzigarren sailkatu zen eta Olympia Norrid-Mortensen hamabigarren etapako taldekako sailkapenean garaipena lortuz baita ere. Igandean talde osoa maillot horia defendatzeko helburuarekin atera zen. Euskal lasterketen paradigma oso diferentearekin, mendateen ezak estrategia ezberdina eskatzen zuen uneoro kokapena zainduz. Pont-l’Abbé-d’Arnoult -etik Saintes -erainoko bidean zeuden 92 kilometrotan talde osoak lan egin zuen sailkapen nagusiko garaipena ziurtatzeko. Txirrindulari bakoitza aurkari bat kontrolatu nahian mugimendu eta eraso guztiak kontrolatu zituzten. Azken kilometroan eroriko batek tropela moztu bazuen ere Maitek helmugan sailkapen nagusiko garaipena lortu zuen eta taldekako sailkapenean Eulen-Amenabar nagusi izan zen.

