WORLD TOURREKIN BURUZ BURU DURANGO-DURANGO EMAKUMEEN SARIAN

Eulen-Amenabar emakumezkoen taldeak irudi ezinhobea eskaini zuen atzo Durango-Durango Emakumeen Sarian. Munduko txirrindulari onenen aurrean, ausardia eta borrokarako grina erakutsi zuten Jirabira klubeko gazteek.
Paula Blasi, Vueltako garailea; Magdeleine Vallieres, munduko txapelduna; Elisa Balsamo, Clara Copponi, Amanda Spratt, Evita Muzic edo Emma Norsgaard ziren atzo maiatzaren 19an Eulen-Amenabar taldeko txirrindulari gazteek izan zituzten tropelkideak Durango-Durango Emakumeen Sarian. Goi-mailako partaidetza batekin talde zarauztarreko kideek helburu argia zuten irteeratik: protagonismoa bilatu munduko onenen aurrean eta borrokalari izaera erakutsi. Miotako hasierako zirkuituan, lau itzulirekin, tropelak ihesaldi bat baimendu zuen errenta nabarmenarekin. Laugarren itzulian tropelean hainbat mugimendu izan ziren eta kontraeraso talde bat osatu zen 15 txirrindularirekin, tartean eguneko hautagai nagusiak. Eulen-Amenabar taldeko txirrindulariek adore handiarekin ikustean ez zegoela taldekiderik mugimendu horretan tropelean tiraka jarri ziren, World Tour taldeekin batera, saiakera hori deusestatzeko. Nabarmentzekoa batez ere Ane Berastegi Jaka lehenengo urteko txirrindulariaren lana, World Tour txirrindularien gurpilean murgildu zela jazarpen lanetan.

Kontraeraso taldea eta ihesaldia bera harrapatu zituen tropelak eguneko hiru mendateen kateaketa hasi orduko. Malda gora hastean orduan bai ikusi egin zela World Tour txirrindularien nagusitasuna. Maite Urteaga Sorazuk erritmoari ondo eutsi zion Areition eta Goiuriako lehenengo igoeran. Goiuriarako bigarren igoera hastean, San Juango maldatzarretik, Maite atzean geratu zen. Zumaiarrak ez zuen zortea lagun izan lasterketan zehar bi aldiz zulatu baitzuen eta bizikleta aldatu behar izan zuen. Bizikleta aldatzen gastatutako indarrak falta izan zitzaizkion Maiteri Goiurian gora baina hala ere helmugara 30. postuan iristea lortu zuen, lasterketako bigarren euskalduna izanda eta afizionatuen artean 6. izanda.

Profesional mundua alde batera utziko du momentuz Eulen-Amenabar emakumezkoen taldeak asteburuan eta fokua Gipuzkoako Emakumezkoen Itzulian jarriko dute ostiraletik igandera. Gizonezkoen taldeari dagokionez igandean Logroñon arituko dira Arturo Gravalosen Oroimenezkoan.

Share
Top