MAITE URTEAGA SORAZU EUSKADIKO TXAPELDUNA

Maite Urteaga Sorazuk eta Claudia San Justo Manteconek erakustaldia eman zuten igandean Euskadiko Txapelketa bereganatzeko asteburu biribila itxiz. Larunbatean Asier Arteaga Arzallusek bigarren postua lortu zuen Ereñoko Udala Sari Nagusian.
Jirabira klubaren historian sartuko den asteburua izan da aurrekoa bi taldeek lortutako emaitza paregabeekin. Larunbatean Ereñoko Udala Sari Nagusia lehiatu zen. Zalantzarik gabe lasterketa arraroa izan zen, hirugarren kilometroan suertatutako eroriko erraldoi batek lasterketa neutralizatzea derrigortu zuen. Bertan tropel erdia baino gehiago erori egin zen, tartean Eulen-Amenabarreko hainbat kide. Berriz ere martxan jarri bezain pronto Omako igoeran berriz ere eroriko handi batek bigarren neutralizazioa behartu zuen. Muturreko egoera honen aurrean antolakuntzak lasterketa 32 kilometrotara murriztea erabaki zuen. Hirugarren aldiz irteera ematean tropela ziztu bizian atera zen zatirik gogorrenean murgilduta. Asier Arteaga Arzallus oso lehiakor agertu zen berrabiaratze honetan. Nabarnizeko igoera burutzean erasoek ez zuten etenik izan. Ihesaldi batek 30 segundu ireki zituen eta David Etxebarria Alkortaren gazteak tropelaren ardura hartu zuten Natxituako igoera erabakigarriaren aurretik ihesaldia neutralizatzeko. Natxituan gora hainbat eraso suertatu ziren eta Vetle Torin Eskedal norvegiarra onenekin iritsi zen tontorrera. Atzetik Asier Arteagaren taldea oso hurbil geratu zen eta helmugara arteko gorakako bidean sartzea lortu zuen Arteagak. Sartu eta jo, liburuetan idatzita dagoen bezala eta lasterketa buruan kokatu zen  Unax Otegirekin (SML) batera. Bi gazteek jarraitzaileen taldearekiko estualdiari eutsi zioten eta sprintean Asier Arteaga Arzallusek bigarren postu bikaina eskuratu zuen. Eskedal ere top10ean helmugatu zen.

Larunbateko zapore gozoak jarraipena izan zuen igandean emakumezkoen taldearekin. Emakume Langilearen Nazioarteko Egunean taldeko neskek Jirabira klubaren apostuari oparirik politena eman zioten. Hasiera azkar baten ostean Lierniako lehenengo igoeran Maite Urteaga Sorazu eta Claudia San Justo Mantecon erasora pasa ziren. Bi txirrindulariek azkar lortu zuten minututik gorako errenta. Atzean gainerako taldekideek galga lanak eginda hurrengo kilometroetan errentak gora eta gora jarraitu zuen. Lierniako hurrengo itzulietan lasterketa buruko bikoteak bikain banatu zituen esfortzuak ordekan eta malda gora. Azken mendatean lau minututik gorago iritsi zen errenta eta garaipena gozo-gozo dastatu zuten bi taldekideek. Maite Urteaga Sorazu lehena izan zen eta Claudia San Justo Mantecon bigarren, Euskaldun Txapelketako lidergoan sendotuz. Taldeko sprintean Naya Mangas Etxebestek zazpigarren postua lortuta Elite mailako zilarra eskuratu zuen. Hortaz gain mendiko sailkapena eta taldekako sailkapena eskuratu zituzten neskek.

Hurrengo asteburuan Eulen-Amenabar taldearentzat helburu gorenak iritsiko dira. Emakumezkoen taldeak Espainiako Kopari hasiera emango dio GP Cantabria Deporte lasterketarekin, Nojan eta gizonezkoen taldeak San Gregorio Saria eta Gorlara Igoera historikoak izango ditu agendan.

Share
Top