
Gizonezkoen taldeak sasoia estreinatu du asteburuan Essor Basquen eta emakumezkoek UCI egutegiko hitzordu berri bat izan dute, Pionera Race. Bi fronteetan txirrindulariek jarrera positiboa eta borrokalaria izan dute.
Jira Bira klubeko Eulen-Amenabar taldeko emakumezkoek neurria hartuta diote tropel profesionalari. Igandean Pionera Race lehiatu zuten Gandia eta Cocentaina artean. Haize alertagatik lasterketa laburtu behar izan bazuten ere ibilbide exijentea izan zuen Pionera Racek amaieran. Hasierako kilometroetan tropelean hainbat ihesaldi saiakera izan ziren, tartean Naya Mangas Etxebeste hernaniarrarena. Beniarreseko mendatean gora tropela desegin zen eta lasterketa buruko hamaboskotean sartzea lortu zuten Maite Urteaga Sorazuk eta Aroa Gorostiza Ulloak. Azken kilometroek hainbat gora behera izan zituzten eta helmugan Aroa 21. sailkatu zen eta Maite 24., hiru UCI puntu eskuratuta bakoitzak.
Gizonezkoen taldeak sasoiari irekiera eman zion Essor Basqueko lehenengo bi jardunaldietan. Lapurdiko lurretan gazteek jarrera oso positiboa erakutsi zuten hainbat mugimenduetan presentzia izanez. Lehenengo egunean, Bokale eta Tarnose artean Unax Betelu Mencia Quentin Ospital, Mateo Vierge eta Unai Zurita Gutierrez lehian izan ziren tropel onean sartuta eguradi petralari eta haizeari aurre eginez. Helmugan Unax Betelu izan zen azkarrena, 19. postuan. Bigarren jardunaldian metereologia lagun izan zuten txirrindulariek eta Zuraide eta Kanbo arteko jardunaldia abiadura bizian suertatu zen. Lasterketa osoa irekia izan zen eraso ugarirekin lehenengo kilometroetatik. Zuraideko mendatea hirugarren aldiz igotzean ihesaldi handi bat antolatu zen eta bertan ziren Asier Arteaga Arzallus, Igor Iriarte Sanz, Quentin Ospital eta Mateo Vierge. Hala ere talde handia izanda ulermen falta nabaria izan zen eta tropelak hori baliatu zuen ihesaldia harrapatzeko. Azken biran ihesaldi txiki batek bidea egin zuen helmugaraino eta gure txirrindulariek sprintean helmugaratu ziren. Erakutsitako jarrera borrokalariari esker Igor Iriarte tolosarrak saiatuenaren saria eskuratu zuen.
Datorren asteburuan gizonezkoen taldeak Essor Basqueko hurrengo hiru jardunaldiak lehiatuko ditu Behe Nafarroan eta Zuberoan barrena. Emakumezkoen taldeak aldiz bi asteburu izango ditu datorren lehiaketara arte: Euskaldun Txapelketaren hasieran Ane Santesteban Txirrindulari Sarian, Oreretan.

